domingo, 13 de diciembre de 2009

Alfabetizazio digitala

Ikusitako bi bideo (lehenengoa eta bigarrena) hauetan teknologia berriek irakaskuntzan duten eraginaz hitz egiten dela esan daiteke, hau da, teknologia berrien aurrerapenez. Bideoetariko batean, Madrileko Unibertsitateko irakasle bat agertzen da, alfabetizazioari buruz hitz egiten.
Alde batetik, emakumeak dioenez, alfabetizazio digitalari buruz ari garenean, geure buruari hainbat gauza galdetu beharko genizkiokeela uste dut; izan ere, sarritan kontutan hartu behar dugu nori bidaltzen dizkiogun gure datuak, nork kontrolatzen duen merkatua…eta batez ere, berak dioenez, badakigu honekin guztiarekin norbait ateratzen dela irabazten, eta diru hori noren eskuetara heltzen den pentsatu beharko genuke.

Beste alde batetik, nire ustez, Interneten ari garenean, gure zeregina ez da behar edo nahi dugun informazioa hartzea eta besterik gabe irakurtzea, baizik eta guk ere gure aportazioak egitea eta dagoenaz aparte, guk ere horri buruz informazioa eskaintzea, informazioa gero eta anitzagoa izan dadin.
Argi dago gaur egun internet abantaila izugarria dela gure gizartearentzako, baina, hala ere, interneten inguruan zer dagoen jakitea ere ez datorkigu txarto. Eta, beraz, kontu handiz ibili behar gara mundu honetan. Horregatik, eta hau guztia hezkuntzara eramanez, esan beharra daukat irakasleok zeregin garrantzitsua dugula guzti honen aurrean; izan ere, askotan haurrek, interneten dagoen informazio guztiarekin, ez dakite irakurtzeko zer aukeratu, haientzat egokia dena aukeratzen…eta, beraz, nire ustez, guk irakasle bezala haurrei informazioa era kritiko batean erabiltzen erakutsi beharko genieke, pixkanaka pixkanaka, guztion artean mundu hau modu egokiago batean erabil dezagun.

lunes, 23 de noviembre de 2009

martes, 17 de noviembre de 2009

Blogak irakaskuntzan?


Blogarekin etegabe aritu gara teknologia berriei buruzko arlo honetan. Baina irakaskuntzan bloga aplikatu daiteke? Eta Haur Hezkuntzan?Nola? Nire erantzuna baiezkoa da argi eta garbi; eta are gehiago, irakaskuntzaren inguruan sorturiko helbide horietan datorrena ikusita.
Esan dudanez, bloga Haur Hezkuntzan erabiltzearen guztiz alde nago. Alde batetik, gurasoekiko harremanak bideratzeko onuragarria dela argi dago; izan ere, orri hauetan ikusi dugun bezala, gurasoek blog hauei esker haien seme-alabek gelan egiten dutena ikus dezakete (gelan egindako fitxak, edo ariketak, jolasak…) eta haurrarekin klasetik kanpo ere lan dezakete nahi izanez gero. Beraz, irakasleen eta gurasoen arteko komunikaziorako guztiz positiboa dela ikusten dugu.
Beste alde batetik, haurrentzako oso onuragarria dela ere argi dago. Dakigunez, gero eta gehiago aritzen gara teknologia berrien inguruan eta etorkizunean eragin itzela izango dutela ere badakigu. Beraz, oso komenigarria ikusten dut haurrak txikitatik teknologia berrietan murgiltzea, eta bloga aukera bikaina izan daiteke,hauekin lehenengo kontaktuak izateko. Nire ustez, egokia izango litzateke astean behin edo birritan ordenagailu txokoan irakaslearekin blogean aritzea, klasean egindako kantak, ariketak…blogean sartuz.
Beraz, guzti hau ikusita, esan dezaket blogak irakaskuntzan duen eragina guztiz positiboa iruditzen zaidala, modu askotan eta helburu desberdinetarako erabil dezakegulako.





lunes, 9 de noviembre de 2009

Testu birsartua


Dirudienez, Teknologia Berriak ikastetxeetan sartu egin behar dira. Ia inork ez dauka dudarik. Dena den, gutxienez zalantza sortu behar zaigulako ustean nago: Teknologia Berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?

Batzuek diote ikastetxeetako lana sozializatzea dela. Beraz -jarraitzen dute-, Teknologia Berriak gizartean daudenez, ikastetxeek teknologien mundu horretan bizitzeko trebetasuna garatu behar dute. Nire ustez, arrazoiketa hori gezurrezkoa da. Denok dakigu indarkeria ere gizartean dagoela, baina hori ez da nahikoa gure ikasleak jotzeko edo babes teknikak erakusteko. Orduan, zergatik sartu behar dira Teknologia Berriak ikastetxeetan? Arrazoi sinpleago bategatik: Teknologia Berriek hezkuntza arloan aukera interesgarriak eskaintzen dizkigutelako, eskoletara iristeko eta sartzeko denbora luzea behar izan badute ere.

Duela hogei urte ordenagailuek izugarrizko itxaropena sortu zuten hezkuntza esparruan. Ordenagailuak irakasleen ordezkoak izango zirela sinesten zen. Helburu hori lortzeko, konduktistek geletan ezartzeko programa dexente hedatu zituzten, ordenagailua eskoletako elementu garrantzitsuena izango zelako ustean. Baina, denborak sinesmen hori ustela zela frogatu du.

Ondoren, fidagaiztasunaren garaia etorri zen. Ordenagailuak bazter batean utzi ziren, ia ezertarako ez zutela balio argudiatuz. Makina garestiak ziren eta irakasleei ez omen zieten batere laguntzen. Alabaina, azaldutako atsekabea laster aldatu zen, Internet sortu zenean informazio digitalaren garrantzia benetan ulertu baitzen. Alde batetik, testuak formatu digitalean gorde ditzakegu. Zer da informazio digitala? Papera eta informazioa bereiztea. Jadanik ez dugu paperik behar informazioa alde batetik bestera mugitzeko. Lehen liburu bat bidaltzeko paketea postontzian sartu eta iritsi arte itxaron behar genuen; gaur egun, dokumentu bat edozein lekutara bidaltzeko ez dugu denbora gehiegi itxaron behar, segundo pare bat baizik. Posta elektronikoaren edo e-mailaren bidez ia edozein dokumentu bidal dezakegu hartzaileak behingoan jasoko duela jakinez. Informazio digitalaren iraultza ulertzeko, esan daiteke, adibidez, diskete batean 870 orriko testu bat gorde dezakegula eta CD batean ia 600.000 orriko testua.

Bestalde, txat solasguneen bidez ikasleek edozein herrialdetako ikasleei idatz diezaiekete eta beraiengandik erantzuna jaso, aldi berean. Txat solasguneen erabilera oso interesgarria iruditzen zait ingelesa, frantsesa edo beste edozein hizkuntza irakurtzen eta idazten ikasteko. Baina, irakasleentzat ere erakargarria da: urruti dauden irakasleak gela birtual batean elkar daitezke elkarren esperientzietatik ikasteko eta materialak elkarri eskuratzeko.

Interneti esker, eskolako web orrian gurasoei bidalitako oharrak, ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, curriculuma, gaien apunteak, etxerako lanak, ezagupenak sakontzeko bibliografia, ordutegiak eta abar jar ditzakegu. Hipertestua ere oso interesgarria izan daiteke gai batzuk irakasteko. Ikertzaileen artean eztabaida gogorra dago hipertestuari buruz, eta seguraski, laster ikusiko dira hezkuntza munduan aplikatzeko ondorio interesgarriak. Dena den, gai horietaz guztietaz hurrengo artikuluetan arituko gara

Ikastetxean Internet izanez gero, NASAk duen web orrian sar gaitezke eta ilargiaren argazkiak jaso, edota ikasleei edozein gairi buruzko informazioa lor dezaten eskatu.

Hedabideek , orokorrean, et ordenagailuak , konkretuki, informazioaren ateak irekitzen dizkigute. Nahi dugun gaiari buruzko informazioa aurki dezakegu Internet sarean. Gure arazo bakarra informazio hori aurkitzea da.

Nire ustez, gela bakoitzean sarean konektatutako ordenagailu bat eduki beharko litzateke. Horrela, gaur egungo hezkuntzaren ikuskera aldatu egin beharko genuke. Jende askok dio ordenagailuaren eginkizuna ikasleak aktibitate mekanikoetan trebatzea dela. Hezkuntzari aplikaturik sortu diren ia programa informatiko guztiak hori egiten dutela dirudi. Ikuskera hori konduktisten antzekoa da. Konduktismoa oso interesgarria iruditzen zait, baina era orokorrean hezkuntzan erabiltzeko, ez hainbeste. Nire ustez, ikasleei irakats diezaiekegun alderdirik garrantzitsuena behar duten informazioa beren kabuz lortzea da. Eta horrekin batera, beste helburu garrantzitsuago bat lor dezakegu: hau da, ikaslearen autonomia sustatzea.

Hezkuntzari aplikaturiko Teknologia Berrietan sartuta gaudenok ez dakigu nola aldatuko diren gauzak, ezta norantz aldatuko diren ere. Nolanahi ere ziur gaude mundu hau mugitzen ari dela. Eta nahitaez Teknologia Berriak eta hezkuntza nonbait topatuko direla dirudi.




domingo, 8 de noviembre de 2009

Prometeus, La revoluciĆ³n de los medios




Bideoak etorkizunean internetek izango duen eraginaz hitz egiten digu. Bertan, konparaketa bat ikus dezakegu; izan ere, bideo honek interneten inguruan urte batzuetara zer nolako aldaketak egongo diren azaltzen du, gaur egungoarekin alderatuz. Beti erabili izan ditugun komunikabideak desagertuko direla azaltzen digu, eta internetek hauek ordezkatuko dituela. Izan ere, bideoak azaltzen duenez, gaur egun jadanik internetek gauza asko ordezkatzen ditu: youtuben ikusten ditugu bideoak, jende askok egunkaria interneten irakurtzen du erosi beharrean…
Alde batetik, nire ustez, bideoak ezageratu egiten du dena; izan ere, argi dago gero eta aurrerapen gehiago daudela interneten inguruan eta honek gero eta gauza gehiago ordezkatzen dituela, baina ez bideo honek esaten duen neurrian; guzti hau gertatu berria den gauza bat dela kontuan hartu behar dugu, eta, beraz, oraindik jende gehienak ez daki ia ezer teknologia berriez. Hala ere, gai honetan ahalik eta interes gehien ipintzen saiatu beharko ginatekeela uste dut, etorkizun batean, funtsezkoa izango dela argi baitago.
Beste alde batetik, eskolaren papera ere oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Eguneroko bizitzan ikusten dugun bezala, haurrek gero eta lasterrago ikasten dute ordenagailuarekin aritzen eta beraz, argi dago irakasleok zeregin garrantzitsua dugula gai honetan. Irakasle moduan, nik neuk gai honi buruzko informazio ahalik eta gehien eskuratzen eta barneratzen saiatuko naiz, haurrei honi buruzko desabantailez ohartarazteko. Izan ere, abantailak asko direla ikus dezakegu, baina horrek ez du esan nahi guzti honek ezer txarrik ez izatea. Gainera, haurrak, txikiak izanda, ez dakite zertan ari diren eta nahigabe haientzat desegokiak diren lekuetan ibil daitezke eta horretarako gu prestatuta egon behar gara.
Laburbilduz, bideo nahiko interesgarria iruditu zaidala onartu beharra daukat, etorkizunean guzti honek nolako eragina izango duen ongi islatzen baitu.

Informazio gehiago jaso nahi baduzu, Goio Aranak internetek egunkarietan izango duen eraginaz hitz egiten duen artikulua irakur dezakezu.

domingo, 1 de noviembre de 2009

Informazioaren gizartea

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu masiboan erabiltzeak sortzen duen ekoizpen eta truke sistemari deitu izan zaio Informazioaren gizartea. Informazioa lortzen, konpartitzen eta prozesatzen da baliabide tematikoen bitartez edonon, edonork eta edonoiz.
Etengabe gertatzen ari dira teknologia eta gizarte aldaketak eta teknologia berrien eragina gure eguneroko bizitzaraino heltzen da; izan ere, informazioko eta komunikazioetako teknologiaren eta gizartearen aldakuntzen arteko loturak berebiziko garrantzia du. Hardwar-ean edo software-ean izan diren teknologiazko aurrerapenek, Informazioaren Teknologiaren berebiziko zabalkundea ekarri zuten 1980 ingurutik aurrera. Horrela, Informazioaren gizartea esapidea ere guztiz arrunt eta ohikoa ari da bihurtzen, leku guztietan hitz egiten baita egongo diren aldakuntza tekniko eta sozialez.
Beraz, guzti hau esanda, esan dezaket informazioaren gizarteak bizimodu aldaketa dakarrela, eta denbora behar dela aldaketa horietara moldatzeko. Baina, argi dago aurrerapen hauek guztiek ere, kalte egin dezaketela: gaur egun gutunen bidez komunikatu beharrean, adibidez, emailen bidez komunikatzen gara; eta nire ustez, hau ez da egokia, horrela eskuen manipulazioa galtzen baitugu.

Laburbilduz, esan beharra daukat, gauza guztiek dituztela alde negatiboak, eta nahiz eta alde txarrak eduki, Informazioaren gizartean murgilduta egoteak onurak ere dakartzala, teknologien aurrerapenak hainbat eta hainbat baitira.

Hona hemen informazioaren gizarteari buruzko artikulua, informazio gehiago nahi izatekotan.

lunes, 26 de octubre de 2009